Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

enpresa

iz. Ondasunak edo zerbitzuak ekoizten dituen salerosketa elkartea.      
■ Enpresa motak. Enpresak sailkatzeko hainbat eratakoak irizpideak daude. Jabetza noren esku dagoen, enpresak pribatuak (kapitala partikularren esku dagoenean), publikoak (kapitala estatuarena denean) eta kooperatibak edo enpresa sozialak (bertako langileak jabe direnean) bereizten dira. Era berean, enpresaren irudi juridikoaren arabera ere bereiz daitezke: badira Sozietate Anonimoak, Erantzukizun Mugatuko Sozietateak, Sozietate Anonimo Laboralak eta Sozietate Kooperatiboak. Neurriaren arabera enpresa txikiak, ertainak eta handiak bereizten dira. Azkenik, jarduera eremuaren arabera, enpresa lokalak, probintzialak, eskualdekoak, nazionalak, multinazionalak edo transnazionalak bereizten dira. ■ Enpresen neurriak. Gehienetan enpresak neurriaren arabera sailkatzen dira. Hala, maizenik, hiru motatan zatitzen dira: enpresa handiak, ertainak eta txikiak. Enpresa Txiki eta Ertainei (ETE), gaztelaniaz PYME (pequeña y mediana empresa) eta frantsesez PME (petite et moyenne entreprise) esaten zaie. Maizenik, dimentsioaren araberako sailkapena egiteko hiru irizpide erabiltzen dira: salmenta zenbatekoa, langile kopurua eta aktiboko edo pasiboko zenbateko osoak (alegia, enpresak dituen ondasun eta eskubide edo betebehar zenbatekoak). Kontuan izan behar da sarritan hiru irizpideak ez direla beti bat etortzen; alegia, gerta daiteke, aktiboko zifraren arabera handia den enpresa bat, handia ez izatea langile kopuruari buruz. Asko dira enpresak neurriaren arabera sailkatzeko eman izan diren irizpideak; Europan, Europar Batasunak 1996. urtean egin zuen proposamena da sailkapen irizpide zabalduena. Europako Batzordeak ezarritako irizpideen arabera enpresa bat txikia dela esaten da 50 langile baino gutxiago badu, urteko salmenta 7 milioi euro baino gutxiago bada eta urteko balantzeko zifra (aktiboa edo pasiboa, berdinak baitira definizioz) 5 milioi baino gutxiago denean. Ertaina dela esaten da langile kopurua 50 eta 250 artekoa denean; salmentak 7 eta 40 milioi euro artekoak; eta balantzeko zifra 5 eta 27 milioi euro artekoa. Handiak dira, berriz, azken zifra horiek gainditzen dituzten enpresak. Kontuan izan behar da halere handi, ertain eta txiki hitzak erlatiboak direla. Eta era berean, enpresaren dimentsioa, hein handi batean, enpresaren jarduera sektorearen arabera aldatzen dela. ■ Enpresa multinazionalak. ik. multinazional.