enpresaburu
iz. Enpresa bateko zuzendari, goi kargu edo jabea.
■ Betidanik enpresaburua enpresa jardueraren protagonista izan da. Tradizionalki enpresaren jabea eta enpresaburua identifikatu izan dira: alegia, negozioa martxan jartzeko edo mantentzeko kapital ekarpena egin duena izan da enpresaburua. Hala ere, gaur egun, ez dirudi hori denik enpresaburuaren ezaugarri nagusia; alegia, negozio batean kapitalista izatea. Egun, enpresaburua gehiago da, besterik gabe, enpresa zuzentzen duen profesionala. ■ Pentsamendu ekonomikoa garatu ahala, ekarpen desberdinak egin dira enpresaburuaren irudiaz. Ekonomista klasikoek, Adam Smith, David Ricardo eta John Stuart Mill-ek, besteak beste, enpresaburua kapitalistarekin parekatzen dute; hau da, kapitala arriskatzen duen pertsonarekin. Pentsamendu marxistan ere, enpresaburua eta lan indarra ustiatzen duen kapitalista identifikatzeko joera da nagusia. Richard Cantillon, J.B. Say eta Alfred Marshall ekonomistak azpimarratu behar dira, halaber, enpresaburuaren irudiari buruzko ekarpenetan. Lehenengoak, ordainsari ezagunak ziurtasunez jasotzen dituztenak eta ordainsari ez-ziurrak jasotzen dituztenak bereizi zituen; autore horren iritziz, azken horiek dira enpresaburuak: produkzio prozesuak egin ahal izateko arriskua bereganatzen dutenak. Say-k, nahiz eta Adam Smith-en jarraitzaile izan, enpresaburuak jarritako kapitalaren interesaren eta enpresaren mozkinaren arteko desberdintasuna aipatu zuen. Gainera, enpresaburuak, kapitalistak ez dituen beste funtzio batzuk ere badituela ulertu zuen: faktore guztien bateratzaile gisa definitu zuen, ekoizpenaren balioarekin faktore horiek ordaindu eta mozkina sortzea baitu helburua. Marshallek enpresaren zuzendaritza faktoreari produkzio-faktorearen eginkizuna esleitu zion, eta garrantzi berezia eman zion bere garaian sortzen ari ziren enpresa handi batzuen sorkuntzan. Enpresaburuaren eginkizuna ulertzeko bi ikuspegi garrantzitsu Joseph A. Schumpeter-en enpresaburu berritzailearen teoria eta Frank H. Knight-en enpresaburu-arriskuaren teoria dira. Schumpeter austriar ekonomistarentzat enpresaburuaren eginkizun nagusia berrikuntza prozesuaren ondorioz sortzen diren asmakizun teknologikoen erabilera komertziala aurkitzea da, nola produktu hala prozesuetan. Knigthentzat, berriz, enpresaburuaren eginkizun nagusia arriskua bereganatzea da; izan ere enpresaburuak enpresa-jardueraren emaitza ekonomikoak ziur ezagutu aurretik, faktoreen ordainketa aurreratu egiten baitu. Schumpeter-en arabera, enpresaburuaren mozkina, hark egiten duen berriztatze-lanak justifikatzen du. Knigth-en arabera, berriz, bereganatzen duen arriskuaren ordain gisa ulertu behar da. Azkenik, aipagarria da, baita ere, John Kenneth Galbraith estatubatuar ekonomista heterodoxo ezagunaren ekarria. Autore horren arabera, herrialde garatuetan sortutako neurri handiko enpresak ezin ditu pertsona bakar batek zuzendu; aitzitik, teknikari profesional talde handi bat behar da enpresa horien zuzendaritzaz arduratzeko, hala nola ekonomistak, ingeniariak, abokatuak edo politikariak. Horiek guztiek enpresen “teknoegitura” osatzen dute Galbraith-en esanetan, eta egitura horren aldean enpresaren akziodunek ez dute inolako botere eta aginterik.