Ellmann, Richard (David)
Estatu Batuetako literatura kritikaria (Michigan, 1918 - Oxford, 1987). James Joyce, William B. Yeats O. Wilde eta Ingalaterrako eta Irlandako beste idazle moderno batzuen bizitzan eta lanetan aditua. Yaleko unibertsitatean egin zituen ikasketak eta Northwesterngo, Oxfordeko eta Yaleko unibertsitateetan irakasle izan zen. Yeats: the man and the masks (1948, Yeats: gizona eta maskarak) lanean Yeats idazlearen kezka garrantzitsu bati buruzko azterketa egin zuen: eguneroko bizitzaren eta fantasiaren arteko dikotomia. Itxuraz harroa zen Yeats, baina Ellmannek gizon lotsati eta nahasia zela azaldu zuen lan horretan. James Joyce (1959) lanean idazlearen bizitza eta pentsamendua aztertu zituen xehetasun handiz; lan horrek bultzatu zuen gero Joyceren eskutitzak eta beste lanak argitaratzera.