Ellroy, James
Estatubatuar idazlea (Los Angeles, 1948). Hamar urte zituela ama hil zioten, eta ez zuten hiltzailea sekula aurkitu. Gertakari horrek bere bizitza markatu zuen. Delinkuentzia, droga eta alkoholari heldu zion. Presondegia ezagutu zuen aberatsen etxeetan lapurtzeagatik. Baina egun batean, bizitza zuzentzea erabaki eta idazteari ekin zion. Hogeita hamahiru urte zituela idatzi zuen lehen liburua, Brown’s Requiem (1981, Brown-en requiema). Eleberri beltz modernoaren barruan kokatu behar da bere lana; pertsonaia nagusiak detektibeak, poliziak eta hiltzaileak dira. Hiru liburuko sorta bat idatzi zuen, Lloyd Hopkins Los Angeles-eko polizia protagonistatzat hartuta: Ilargi odoltsua, Gauak eraginda (1984) eta Suizidatuen muinoa (1986). Horren ondoren, Los Angeles hiria kokaleku hartuta, beste lau liburuko bilduma idatzi zuen: Dalia beltza (1987, amari dedikatua), Le Grand Nulle Part (1988), L.A. Confidential (1990) eta White Jazz (1992). Azken lanak dira: American Tabloid (1995) eta Nire itzal zatia (1997). Ellroyren hainbat lan zinemara eraman dute.