Eliot, George
(Mary Ann Evans Gross-en ezizena) Ingalaterrako eleberrigilea, kazetaria eta poeta (Arbury Farm, Warwuckshire, 1819 - Chelsea, Londres, 1880). Kontalari bikaina zela agertu zen kontzientzia arazoak mintzagai dituen Scenes of Clerical Life liburuan (1858, Eliz bizimoduko irudiak); Adam Bede eleberrian (1859) bide zuzenetik kanpo dabiltzan pertsonaia kezkatiak azaldu zituen. Haurtzaroko oroimenek hornitzen dute Mill on the Floss obra autobiografikoa (1860, Floss gaineko errota). Silas Marner, the Weawer of Raveloe (1860, Silas Marner, Raveloeko ehulea) eleberriak jasotzen du George Elioten ideiarik nagusia: maitasuna da benetako salbazioa. Italian zehar ikustaldi bat egin ondoren Romola (1863) eleberri historikoa idatzi zuen. The Spanish Gypsy (1868, Espainiako ijitoa), hitz neurtuz egindako obrak ospe handia izan zuen bere garaian. Felix Holt, the Radical (1866, Felix Holt erradikala) eta Middlemarch, a Study of Provincial Life (1871-1872, Middlemarch probintziako bizimoduaren azterketa) eleberriek Ingalaterrako bizitza deskribatzen dute. George Eliotek inork ez bezala deskribatu zuen Ingalaterrako probintzietako burges txikien eta erdi mailako gizartearen bizimodua. Bere obrak eragin handia izan zuen Europan zehar, eta naturalismoaren ateak zabaldu zizkion eleberrigintzari.