Elio Ezpeleta, Joaquín
Nafarroako militarra (Iruñea, 1806 - Paue, 1876). Armada karlistako kapitain nagusi izatera iritsi zen eta Karlos VII.ak duke izendatu zuen. Nafarroako komandante nagusia izan zen 1839an eta, antza denez, Nafarroako independentziaren aldeko asmoak zituen garai hartan. Bergarako Besarkada ez zuen onartu, eta Frantziara erbesteratu behar izan zuen. Atzerrian zegoela matxinada karlistarako prestakuntza lanetan jardun zuen eta 1857. urtean Tarragonako San Carlos de la Rapitako matxinadan hartu zuen parte, baina atxilotu egin zuten. Hiltzera kondenatu zuten, baina Elisabet II.a erreginak zigorra barkatu zion. Euskal Herriko bigarren Karlistadan, kapitain nagusia eta Karlos VII.aren armadako buruzagia izan zen. Eri zegoela, Pauera erretiratu eta bertan hil zen 1876ko urtarrilean.