Elion, Gertrude Belle
Estatubatuar biokimikaria (New York, 1918 - New York, 1999). Bere sorterrian egin zituen ikasketak; Hunter Collegen kimikakoak, eta New Yorkeko Unibertsitatean farmaziakoak. Baina ikasketak amaitu eta lan bila hasi zenean arazo larriak izan zituen, inork ez ziolako emakume kimikari bati lanik eman nahi. Bigarren Mundu Gerran, gizonezkoak gerrara eraman zituztelarik, lana lortu zuen Burroughs Wellcome laborategietan (1944). Laborategi hartan garrantzi handiko sendagaiak asmatu zituen George H. Hitchings lankidearekin: leuzemiaren, malariaren, herpesaren eta abarren kontrako sendagai eraginkorrak aurkitu zituzten. 1988. urtean Medikuntzako Nobel saria irabazi zuen, Hitchingsekin eta James White Blackekin batera, beren ikerketekin sendagai berriak asmatzeko bidea zabaldu izanagatik. 1990ean Zientzietako Nazio Akademiako kide izendatu zuten, eta hurrengo urtean Zientziaren Nazio Domina eman zioten.