Eliot, John
Ingeles misiolaria (Widford, Ingalaterra, 1604 - Roxbury, Massachusetts, 1690). Puritanoekin harremanak izan zituen, Ameriketara jo zuen 1631. urtean eta Roxburyko kolonian (New England) bizi izan zen. 1647. urteaz geroztik indiarrak ebanjelizatzeari ekin zion. 1661-1663. bitarteko urteetan Biblia itzuli zuen algonkinerara. Hori izan zen Ameriketan inprimatu zen lehenengo Biblia. Eliotek Natick izeneko herri txikia sortu zuen eta gobernu gisa gauzatu nahi izan zituen 1656. urtean The Christian Commonwealth liburuan aurreraturik zituen teoriak: Liburu Santuak direnez Jainkoaren legea erakuts ditzaketen bakarrak, alferrik da bestelako legeak aldarrikatzea edo estatubururik edukitzea. 1661. urtean debekatu zuten liburua, errepublikaren alde agertzen zuen joeragatik.