Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elgoibar

Gipuzkoako mendebaleko udalerria (Debabarrena eskualdea). Mugak: iparraldean Mendaro; ekialdean Azkoitia; mendebalean Eibar eta Etxebarria (Bizkaia), eta hegoaldean Soraluze eta Bergara. Altuera 42 m. 39,2 km2. 10.804 biztanle ditu (elgoibartarrak). Auzoak: Altzola, San Lorenzo, San Migel, San Pedro eta San Roke. Herrigunearen ezkerraldetik igarotzen da Deba ibaia. Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 6.417 euskaldun, 1.393 ia euskaldun eta 3.026 erdaldun. Elgoibar oso industria herri garrantzitsua da (langileriaren % 70ek industrian lan egiten du; armagintza, burdingintza, makina lanabesak, txirrindak, altzairugintza). Nekazaritzak ez du garrantzi handirik eta zerbitzuen alorrak (langileriaren % 25) nolabaiteko garrantzia du, Elgoibar Eibarren merkataritza esparruaren barnean dagoen arren. Aipagarriak dira XV. mendeko hilerriko ate gotikoa (aurreko San Bartolome monasterioko hondakinak), XVII. mendeko parrokia eliza barrokoa, XVIII. mendeko udaletxea eta Torre dorretxea.  v  Historia. 1346. urtean, Alfontso XI.a Gaztelako erregeak hiri gutuna eman zion Elgoibarri, Logroñoko Foruen arabera, Villamayor de Marquina izena emanez. 100 urtez iraun zuen izen horrek; hala ere, izena aldatu zioten bertakoek Elgoibar nahiago baitzuten (1472). XV. mende bukaera arte arazo handiak izan ziren hiri barnean eta harresietatik kanpo bizi ziren elgoibartarren artean, kanpokoek udal karguetarako eskubiderik ez baitzuten. Mendeetan zehar, areagotu egin ziren Deba eta Mutrikurekiko muga arazoak, egungo Mendaroren gaineko legezko aginpidea zela eta. 1731. urteko hitzarmen baten arabera, Azpilgoeta eta Plazako auzoak Mutrikuren barnean geratu ziren eta Mendarozabal Elgoibarren mendean. 1882. urtean ordura arte Debaren barnean egon zen Garagartza auzoa eskuratu zuen Elgoibarrek. Auzo horiek guztiek osatzen dute Mendaroko udala gaur egun (1984). Bestalde, tirabira handiak izan dira historian zehar Altzolako auzoaren eta Elgoibarko udalaren artean. Ospe handia hartu zuten, XIX. mendean, Altzolako ur beroek eta gezalek. Elgoibarko herriak uholde eta sute ugari jasan ditu: 1553ko uholdea, 1560ko eta 1617ko suteak, Konbentzioko Gerraren garaiko sutea (1794) eta 1834ko eta 1985eko uholdeak.