Elgin, Thomas Bruce
(Elgingo VII. kondea) Britainiar diplomatikoa eta arte bildumaria (1766 - Paris, 1841). Elginen eskulturak izenekoak eskuratu zituelako da ezaguna. Militarra zen, jeneral nagusia. 1790. urtean hasi zen diplomazia lanetan; Bruselan, Berlinen, Konstantinoplan eta beste zenbait herritan izan zen ordezkari. Frantziatik bere herrira zihoala Amienseko Ituna hautsi zen; atxilotu egin zuten eta 1806ra arte ezin izan zuen Ingalaterrara itzuli. v Elginen eskulturak. Arte klasikoa oso gustukoa zuenez, Elginek Greziako arte hondakinak lurpetik atera eta biltzeko baimena eskatu zion Turkiako gobernuari (garai hartan Grezia Turkiaren mendean zegoen). Baimena lortu eta Partenondik aztarna ugari hartu zituen: frisoak, kariatideak, horma zatiak, zutabeak, arkitrabeak, etab. 1803 -1812 bitarteko urteetan bere eskultura bilduma Ingalaterrara eraman zuen. Greziatik ateratako lan horietako batzuk galdu egin ziren itsasontzietako bat hondoratu zelako. Kritika gogorrak izan zituen eskulturak Greziatik lapurtu zituelako, besteren artean Lord Byronek ere aurka egin zion The Curse of Minerva (Minervaren madarikazioa) poeman. Britainia Handiko gobernuak Greziatik jasotako eskulturak erosi zizkion, oso merke Elginen ustez; gaur egun British Museumen daude ikusgai. 1983an Greziako gobernuak British Museumi eskatu zizkion eskulturak, baina honek ezezkoa eman zion, beste arrazoien artean eskulturak zaindu eta gorde zituztela esanez. Eztabaida konpondu gabe geratu zen.