Eckartshaussen, Karl von
Alemaniar filosofoa (Haimhausen, 1752 - Munich, 1803). Artxibozaina eta politikaria zen; ehunetik gora liburu idatzi zuen Eckartshaussenek bere bizitzan. Jesuiten aldekoa eta Bavariako ilustratuen aurkari sutsua zen, eta jarrera teokratikoak aldeztu zituen politikan. Filosofiaren arloan, Kantek numen-aren eta fenomeno-aren artean topaturiko kontrakotasuna gainditu nahi izan zuen, eta bidenabar ezagutza guztien zientzia zedarritu. Kabala zalea izaki, kabalaren iturri kristauak eta juduak aztertu zituen. Haren obrek arrakasta handia izan dute orain arte, Santutegi gaineko hodeia obrak batez ere (1802). Eckartshaussenek kosmogonian, antropologian, eta animalien magnetismoan oinarrituriko eskatologia milenarista landu zuen bere idazkietan (1788-1803 bitarteko urteetan eginak gehienak).