Dublin
(Gaelikoz, Baile Atha Cliath.) Irlandako Errepublikako hiriburu eta portu nagusia. Leinster herrialdean dago, ekialdeko itsasertzean. Dublin Liffey ibaiaren bi alboetan zabaltzen da, Dublingo golkoaren gibelean. 502.749 biztanle (1986; hirialdeak 1.021.449 biztanle ditu). Artzapezpikutegi katolikoa eta protestantea. Unibertsitatea (Trinity College). Aipagarriak dira Saint Patrick katedrala (XIII), Four Courts parlamentu zaharra (XVIII), Jurgi erregearen estiloko etxeak, Saint Stephen’s Green eta Parnell Square (XVIII). National Museum eta National Gallery of Ireland museoak. v Ekonomia. Irlandako lehen portua da salerosketari dagokionez (6.226.000 tona 1986an), baita arrantza eta bidaiari garraioei dagokienez ere. Eraldaketa industria (whisky destilategiak, garagardoa, tabakoa), kimika industria eta metalurgia txikia. v Historia. Norvegiar piratek sortu zuten IX. mendean eta daniarrek hartu zuten X. mendean (Dubh Linn). Anglo-normandiarren esku geratu zen ondoren (1171) eta ingelesek Irlandan luzaroan izan zuten kolonia bakarreko Pale hiriburua izan zen. Dublina joan zen ingeles aristokrazia, eta horren ondorioz Dublinek urte oparoak izan zituen XVIII. mendean. Baina XIX. mendean eta XX. mendearen lehen laurdenean Irlandako abertzaleen gune nagusi bihurtu zen: Robert Emmetek gidaturiko matxinada (1803), fenian higikundearen matxinada (1867), eta batez ere, Bazkokoa (1916). Dublin Irlandako Errepublikako hiriburu bihurtu zen 1922. urtean.