Dubé, Marcel
Kanadar antzerkigilea (Montréal, 1930). Kanadako antzerkigile on eta oparoenetako bat. Frantsesez zein ingelesez idatzi zuen. Ikasketak bukatuta, zenbait egunkaritan idatzi zuen: Perspectives, Le Magazine Maclean eta Cité Libre. Antzerkia, poesia, kontakizunak eta eleberri bat idatzi zituen, eta itzulpenak eta egokitzapenak ere egin zituen. Jean Anouilh eta amerikar antzerki modernoaren errealismoaren eragina izan zuen, Arthur Millerrena gehienbat. Idazkera poetikoa du. Bere obrek sentimendu eta emozioarekiko sentiberatasun handia erakusten dute, egitura dramatikoaren zentzu klasikoa, eta bizitzaren ikuspegi tragikoa. Bere obra, baina, ez da horratik ezkorra. Obra nagusiak: Le temps des lilas (1958, Lili garaia), Octobre (1964, Urria), Virginie (1968), Avant de t´en aller (1970, Zuk alde egin baino lehenago), Un matin comme les autres (1971, Besteak bezalako goiz bat), Le naufragé (1971, Itsasoan galdua), Paradis perdu (1972, Paradisu galdua), Medée (1973), De l´autre côté du mur (1973, Harresiaz bestalde), Manuel (1973). Hirurogeita hamarreko hamarraldian zenbait antzerki lan idatzi zituen, Louis-Georges Carrierrekin batera: Jérémie (1973, Jeremias); Dites-le avec fleurs (1976, Loreekin esan), L´été s´appelle Julie (1975, Udak Julia izena du), Le reformiste; ou L´honneur des hommes (1977, Erreformista; edo gizonen ohorea). Gainera, telebistarako bi sail idatzi zituen: La côte de sable (Hondarrezko kosta) eta De 9 à 5; Poèmes de sable (1974, Hondarrezko poemak) poema liburua; eta saiakerak, hitzaldiak eta gutun liburuak.