Díez, Ana
Nafar zinema zuzendaria (Tutera, 1957). Medikuntzan lizentziatu ondoren, Ana Díez Mexikoko Centro de Capacitación Cinematográfica zinema eskolara joan zen zinemagintza ikastera. Bere lehen film luzea Ander eta Yul (1989) izan zen. Pelikula honekin zuzendari berri onenari emandako Goya saria jaso zuen 1990ean. Todo está oscuro (1997) bigarren film luzean Kolonbiako egoera soziopolitiko latza islatu zuen. 2000. urtean hasi zen hirugarren filma zuzentzen: Algunas chicas (doblan las piernas cuando hablan). Fikziozko lanak zuzentzeaz gainera, telebistarako ere lan egin du, eta azken urteetan zinema dokumentalean nabarmendu da. Besteak beste, La mafia en La Habana (2000) film luzean 50eko hamarraldian, Batistaren garaian, mafia estatubatuarrak Habanako kasinoetan zuen presentzia kontatzen du. Zinemagintza irakaskuntzarekin tartekatzen du, Madrilgo Zinema Eskolan (ECAM) irakasle baita.