Díez del Corral, Luis
Espainiar pentsalari, legelari eta idazlea (Logroño, Errioxa, 1911 - Madril, 1998). Zuzenbidea eta filosofia eta letretako ikasketak egin zituen, Madrilgo Unibertsitate Complutensean (1928-1933), José Ortega y Gasset eta Xavier Zubiri pentsalari handien gidaritzapean, besteak beste. 1934-1936 bitartean Berlinen eta Friburgon egon zen ikasketak sakontzen. 1942an Literaturako Sari Nazionala irabazi zuen Mallorca obrarekin, eta Ikasketa Politikoen Institutuko aldizkariaren argitaratzaile nagusia izan zen 1939az geroztik. 1951n, Parisen, Espainiako enbaxadako agregatu kulturala izendatu zuten, eta Ohorezko Legioa jaso zuen bi urte geroago. Lanik aipagarrienak: El liberalismo doctrinario (1945, Liberalismo doktrinarioa), El rapto de Europa, una interpretación histórica de nuestro tiempo (1954, Europaren bahiketa, gure garaiaren interpretazio historiko bat), El pensamiento político europeo y la monarquía de España (1983, Europako pentsamendu politikoa eta Espainiako monarkia). Arte Ederretako Errege Akademiako eta Zientzia Moral eta Politikoetako Akademiako kide da. Bigarren horretan zuzendari izan zen 1984-1990 bitartean. 1988an Gizarte Zientzietako Asturiasko Printze saria jaso zuen, Luis Sánchez Agestarekin batera.