Díez González, Rosa
Bizkaitar politikaria (Sudupe, 1953). Unión, Progreso y Democracia alderdiko kidea, PSE-Euskadiko Ezkerra alderdiko kide ohia. Administrari ikasketak egin eta Bizkaiko Foru Aldundiko funtzionario bilakatu zen. 1997. urtean PSOEko eta UGT sindikatuko kide egin zen, eta kargu ugari izan zituen batean zein bestean. 1979tik 1983ra Foru Diputatu izan zen Bizkaiko Foru Aldundian, eta 1983an Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariorde. 1986an hautatu zuten lehenengo aldiz Eusko Legebiltzarreko kide. Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailburu izan zen sei urtez, 1991etik 1997ra. 1999. urteko Europako Parlamenturako hauteskundeetan PSOE-Progresistas zerrendaren buru izan zen, eta Europako Parlamentuko kide izan zen hainbat urtez, baita Espainiako sozialistek Europako Parlamentuan duten taldearen buru ere. PSOEren Zuzendaritza Federalerako atarian egon da behin baino gehiagotan, baina ez du inoiz horretara heltzea lortu. PSOEk 2000. urteko uztailean egin zuen 35. Kongresuan Idazkari Orokor kargurako aurkeztu zuen bere burua, baina hautagaitza lortzeko behar zituen babesak ozta-ozta eskuratu ondoren, ez zuen emaitza onik lortu. Hurrengo urteetan oso kritiko agertu zen bere alderdiko agintariekin, batez ere terrorismoaren aurkako borrokan ezker abertzalearekiko elkarrizketak bultzatu eta gauzatzeagatik. Azkenean, 2007ko abuztuan, Alderdi Sozialista utzi eta hilabete batzuk lehenago Basta Ya! elkartearen baitan sortutako “Plataforma Pro” izeneko plataforman sartu zen, alderdi berri bat osatzeko asmoarekin. Asmoa hilabete geroago gauzatu zen Unión, Progreso y Democracia (UpyD, Batasuna, Aurrerapena eta Demokrazia) izeneko alderdiaren sorreran. 2008ko hauteskunde orokorretan, Rosa Díezek eserleku bat lortu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuan.