Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Díaz de Rada, Kike

Euskal antzezlea (Pasaia, 1959). Antzerkigintzan ez ezik, zinemagintzan eta telebistan ere aritutakoa da. Orain gipuzkoar antzerki taldeko sortzaileetakoa izan zen. Antzerkigintzan, hainbat konpainiarekin lan egin du –esaterako, 1993an Arteszena desagertutako egitasmoak plazaratu zuen La Cacatúa Verde produkzioko protagonistetako bat izan zen–, baina lanik gehiena Tanttaka taldearekin egin du, talde horren Umekeriak, El Florido Pensil, Dakota eta Novecento: ozeanoko pianista produkzioetan hartu baitu parte. Azken antzerki lan horretan eginiko lanagatik, Palentzia Hiria XXI. Antzerki Jaialdian antzezle onenari eskainitako saria eman zioten 2000. urtean. Taxi 10 telebista saioaren aurkezle ere izan zen, baita Euskal Aktoreen Batasunaren buru ere. Zineman, Joseba Salegiren Ione, igo zerura (1999), Helena Tabernaren Yoyes (2000) eta Manuel Gutiérrez Aragónen Visionarios (2000) filmetan parte hartu du, besteak beste.