Delos
(Gr. Mikra Delos) Greziako uhartea, Zikladeetako txikiena. 3,4 km2 eta 16 biztanle. Erlijiogune garrantzitsua izan zen K.a. XIV. mendetik aurrera, joniarrak Atikan sartu zirenetik batez ere. Delos uharteak lehen mailako lekua hartu zuen Greziako historian. Atenasen mendean egon zen K.a. VI. mendetik aurrera, Delos merkataritzagune handia izan zen eta mediarrekiko gerren ondotik (K.a. 477) bertan egokitu zen lehen itsas konfederazioa. K.a. 454. urtean, ordea, pribilejio guztiak kendu zizkioten. K.a. 315. urtean burujabetza lortu zuen eta K.a. 166. urtean erromatarrek Atenasen mende ezarri zuten berriro ere. Urte oparoen ondoren, Delos itsas jendearen esku egon zen, eta bizantziarrek, eslaviarrek eta arabiarrek inbaditu ondoren (VI-VII. m.), galdu zen betiko. XIX. mende bukaeran (1873) hasi ziren indusketei esker, antzinako Greziako arkeologiagune garrantzitsuenetakoa azaleratu zen Delosen (Apoloren tenplua, agora edo plazak, Aintzira Sakratuaren inguruko monumentuak, Kynthos mendiko santutegiak, antzokia eta heleniarren garaiko auzoa eta Rhenea edo Megali Delos alboko uharteko nekropoli edo hilerria).