Delors, Jacques
Frantses politikaria eta ekonomista (Paris, 1925). Europako Ekonomia Erkidegoko lehendakaria 1985ean. Ekonomia ikasketak egin zituen eta Parisko Bankuan hasi zen lanean, plangintzako eta gizarte eta kultura arazoetako ahokulari gisa, eskolak emateaz gainera. 1969tik 1972ra Lehen ministro gaullista Jacques Chaban-Delmasen laguntzaile izan zen. 1974ko abenduan Frantziako Alderdi Sozialistako kide egin zen eta bost urte geroago, 1979an, eurodiputatu hautatu zuten. Mitterranden lehen agintaldian ekonomia eta finantzen ardura izan zuen, 1981etik 1984ra, eta 1983. urtean Clichy Marchako alkate hautatu zuten. 1979an Europar Legebiltzarreko diputatu hautatu zuten, eta lau urte geroago Europar Erkidegoen Batzordeko lehendakari, Gaston Thornen ordez. Europar Erkidegoko buruzagi nagusi gisa egin duen lanarekin, erakundeari bizitasuna emateaz gainera, Erkidegoko benetako beso betearazlea bihurtu du organismo hura. Europan eragin handiena izan duen politikarietako bat izan da Delors. Beraren ustez Europar Batasunaren eraikuntzak hiru aldi igaro beharko ditu: lehena, oinarrizko koordinazio lana, betea dago dagoeneko; beste biak, diru bakarra eta banku zentrala ekarriko dutenak, 1991ko abenduaren 11n jarri ziren abian, Maastrichten, Europako Ekonomia Erkidegoko herrialdeetako hamabi gobernuburu eta estatuburuek izenpetu zuten itun historikoaren bidez. 1989an Nazioarteko Lankidetzarako Asturiasko Printze saria jaso zuen. 1993an enplegu, lehiakortasun eta hazkundeari buruzko Liburu Zuria aurkeztu zuen. 1994an utzi zuen Europar Batzordeko Lehendakaritza, Europar Batasunak Essenen (Alemania) deitu zuen goi bileran. 1994an Frantziako Lehendakarigai izateari uko egitea eta politika uztea erabaki zuen. Urtebete geroago bukatu zuen Europar Batzordeko lehendakaritzako agintaldia. Hainbat saiakera liburu idatzi ditu: les Indicateurs sociaux (1971, Adierazle sozialak), le Nouveau Concert européen (1992, Europako kontzertu berria), Pour entrer dans le XXIe siècle (1994, XXI. mendean sartzeko).