Darwin, Charles
Zientzialari ingelesa (Shrewsbury, 1809 - Down, Kent, 1882). Erasmus Darwin-en biloba zen. Edinburgoko eta Cambridgeko unibertsitateetan ikasi zuen, geologia, entomologia eta botanika batez ere. 1831-1836 bitarteko urteetan Hego Ameriketara eta Ozeano Bareko Galapagos uharteetara antolatu zen espedizioan parte hartu zuen naturalista gisa Beagle itsasontzian. Bidaia hartatik landare eta animalia bilduma ugari ekarri zuen eta bidaldi hari buruzko gogoetak idatzi zituen Naturalista baten bidaia munduan barrena liburuan (1839). 1859. urtean On the Origin of Species by means of natural selection (Landare eta animalia moten jatorria bereizkuntza naturalaren argitan) bere obra ospetsuena eman zuen argitara, hogei urtez eginiko azterlanetan oinarrituriko bilakaeraren teoria (darwinismo izena jasoko zuena) azaltzen zuen liburu guztiz garrantzitsuan. Darwin-ek ikerketa eta liburu ugari idatzi zuen, hil zen arte: Etxekoturiko animalia eta landareen bilakaera (1868); Gizakiaren ondorengoa eta sexu bereizkuntza (1871); Zirarren adierazpena gizaki eta animaliengan (1872); Ernaltze zuzenaren eta ernaltze gurutzatuaren ondorioak landareen artean (1876). Geologoa, biologoa eta psikologoa izaki, bilakaeraren teorialari nagusietako bat izan zen Darwin. Landare eta animalia moten aldakortasuna egiaztatu ondoren, aldakortasun hori eragiten duten gertaerak zehaztu zituen: inguruaren eragin zuzena eta zeharkakoa, organoen erabilera eta akatsak, eta bereizkuntza naturalak oinarri dituen aldaketa txiki bortitzen eragina. Bereizkuntza naturala desberdintasun eta berezitasun indibidual egokienak mantentzen erakusten den gaitasunaren eta aldagai suntsigarrienen deuseztatzearen arteko dinamikaren ondorioa da, Darwin-en ustean. Era berean, bizirik irauteko ahaleginean, heriotzak eusten dio landare eta animalia moten eta inguruaren arteko orekari. Jakintsu asko bere aldeko azaldu ziren arren, giro kontserbadore eta erlijiosoetan biziki eta luzaroan borrokatu ziren, zientzia alorretik kanpora, Darwin-en teoriak. ik. bilakaera.