Darsonval, Lycette
(Jaiotza izena, Alice Perron). Frantses dantzaria (Coutances, 1912 - Paris, 1996). Gaztetatik erakutsi zuen dantzarako zaletasuna. Parisko Operaren Dantza Eskolan egin zituen lehen ikasketak, eta 1930ean bertako dantza taldean sartu zen. Bere lehen emanaldia Sylvia izan zen. 1933an Varsoviako dantza lehiaketa batean parte hartu zuen Lycette Darsonval izenarekin, eta lehen saria eraman zuen. Harrezkero, izen horrekin izan zen munduan ezaguna. Estatu Batuetan ibili zen Serge Lifar dantza zuzendariaren agindupean, eta errusiar talde batean sartu zen. Talde horretan Lioubov Egorova izan zuen irakasle, eta Europan eta Tunisian ibili zen errepertorio klasikoa dantzatzen. Hainbat lan interpretatu zituen: Elvire (1937, Albert Aveline-rena), Oriane eta maitasun printzea (1938, Serge Lifar-ena), Sylvia (1941), Giselle, Joan de Zarissa (1942), Fedra (1950), Zinema (1953), Salomeren tragedia. Dantzaren interpretazioa utzi ondoren, irakaskuntzan aritu zen hainbat urtez. 1979an igo zen berriro agertokira Garnier jauregian Sylvia antzeztera.