Danilova, Alexandra
Errusiar ballet dantzaria (Peterhov, 1904 - Estatu Batuak, 1997). San Petersburgoko Ballet Inperialaren eskolan ikasi zuen dantzan. Sobietar Estatu Balletarekin egin zuen debuta Marinsky antzokian (gero Kirov deituko zena), eta berehalaxe bereganatu zuen konpainiako dantzari bakarlari postua. 1924an, Sobietar Batasuna utzi eta atzerriratu egin zen beste dantzari talde batekin, George Balantxine koreagrafoa tartean zela. Behin erbesteratu eta gero, Sergei Diaghilev-en Errusiar Balletetan sartu zen eta konpainia hartan egon zen harik eta, 1929an, Diaghilev hil zen arte. 1933an, Diaghileven konpainiaren adar batean sartu zen, Basilen Errusiar Balletak deituan, zuzendaria Wassily Basil koronela baitzen. 1938an, berriz, Montecarloko Errusiar Balletetan sartu zen, haiek ere Diaghilevekin zerikusia zutenak. Alexandra Danilova 1958an erretiratu zen agertokietatik. New Yorken bizi izan zen gero eta hiri hartan, American Ballet eskolan irakasletzan ez ezik, Metropolitan Operarako balletak eszenaratzen ere aritu zen. 1977an Herbert Ross-ek zuzendu zuen Pauso erabakigarria filmean –non Mikhail N. Barixnikov errusiar dantzaria ere partaide izan baitzen– balleteko irakaslearen papera egin zuen Alexandra Danilovak.