Daniélou, Alain
Frantses musikologoa (Neuilly-sur-Seine, 1907 - Italia, 1994). Musika eta dantza ikasketak egin zituen. 1929an musika arabiarra ikertzeko beka bat lortu zuen. Asian zehar bidaiatu zuen, eta bertako kultura ezagutzen eman zuen bizitzaren zati handi bat. 1950ean Indiako All India Music Conference-ko lehendakari izendatu zuten. Ekialde Urruneko Frantziar Eskolako kide izendatu zuten, eta 1960an Europara itzuli zen. Berlingo Musikaren Ikerketarako Nazioarteko Institutuko zuzendari izan zen (1963-1976). The World of Music aldizkariko kide ere izan zen, 1976. urtea arte. Hainbat sari jaso zituen bere bizitzan zehar, hala nola UNESCOren Musika saria 1981ean, eta UNESCOren Kathmandu domina 1987an. Idatzitako lanen artean ditu: Northern Indian Music (1968), Le Chemin du labyrinthe (1981, autobiografia), Histoire de l’Inde (1983), Le Kama Sutra (1992), Mythes et dieux de l’Inde (1994).