Daninos, Pierre
Frantses idazlea eta kazetaria (Paris, 1913 - Paris, 2005). Carnets du bon Dieu (1947, Jainko onaren oharrak) lanari esker egin zen ezagun, eta Carnets du major Thompson (1954, Thompson maiorraren oharrak) lanarekin lortu zuen ospea. Azken lan horretan frantses herritar arruntaren deskribapen ironikoa egin zuen, britainiar ofizial baten ikuspegitik. Umorearen ildotik jarraitu zuen le Secret du major Thompson (1956, Thompson maiorraren sekretua) eta Les Nouveaux Carnets du major Thompson (1973, Thompson maiorraren ohar berriak) lanetan, eta orobat Un certain monsieur Blot (1960, Blot jauna delako bat) eta Made in France (1977, Frantzian egina) lanetan ere. Baina Le Trente-Sixième Dessous (1966, Hogeita hamaseigarren zuloa) eta Auto-mémoires (1984, Memoriak) lanetan erakutsi zuen dramak egiten ere bazekiela. Daninos batez ere estilista zen, dotorea, eta frantses hizkuntzazale amorratua: Le Jacassin (1962), Snobissimo (1964), La France prise aux mots (1986).