Dante Alighieri
(Durante-ren laburdura) Italiar poeta (Florentzia, 1265 - Ravena, 1321). Florentziako administrazio lanetan hartu zuen parte guelfo zurien aldean, eta hainbat zeregin diplomatiko egin zuen Bonifazio VIII.a Aita Santuaren aurrean. Azkenean, guelfo beltzek batere kargurik gabe utzi eta erbestera egotzi zuten bizitza guztiko. Azken urteak Veronan, Luccan eta Ravenan eman zituen. Dantek De Monarchian (1310-1314), latinez idatzi zuen obran, argitaratu zituen bere kezka politikoak: munduko aginpidea eta izpirituarena bereizi behar zirela aldarrikatu zuen, giza ekintza guztiek ondasun morala izan behar dutela argudiatuz. Kultura eskolastikoan hezitako gizona izaki, zuhurtziari, ezaguera eta arrazoiari buruzko ikusmoldea azaldu zuen Il Convivio (1307, Oturuntza) italieraz idatzi zuen filosofia lanean. Hizkuntzaz kezkatuta, Italiako herrialde guztietarako literatura hizkuntza batua aldarrikatu zuen, latinez idatzi zuen De vulgari eloquentia obran azalduriko teoriei jarraituz (1303-1304). Latinaren eta latin hizkuntzen arteko harreman historikoez arduratu zen lehenetarikoa izan zen. Filosofia eta moralismo ukituz beteak ageri dira, bestalde, Danteren poesia ugariak. Bederatzi urte zituela ezagutu eta hemezortzi urterekin berriz aurkitu zuen Beatrice-k inspiratu zizkion Canzoniere izeneko sonetoak, bultzatu zuen dolce stil nuovo haren erakusgarri bikainak. La Vita Nuova poema bildumak (1283-1293) guztiz mistiko bihurtu zen amodio hari buruzko lirismo aberats eta irudimenezkoa eskaintzen du (Beatrice-z «beste inorengatik inoiz esan ez dena» esateko). Baina, garrantzizkoak izanagatik ere, Danteren beste ezein obrak ez dio Divina Commedia (1307-1321) epopeia mistiko handiari itzalik egiten. Poema handi horretan, lurreko zorionaren eta beste munduko loriaren eske ageri da gizadi osoa. Gizonaren ikuspegi teologiko eta dramatikoa eskaintzen duen epopeia hori Europako literaturako obra garrantzitsuenetakoa da.