Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cro-Magnon

Frantzia mendebaleko historiaurreko kokalekua (Eyzies-de-Tayac, Sarlat, Dordoina-Akitania). 1868. urtean, bertan aurkitu ziren hezur hondakin batzuk, Goi Paleolitoko Aurignac Aldian bizi izan zen herri baten aztarnak diruditenak (K.a. 30000. urtearen ingurukoak). v Cro-Magnongo gizona. Gaur egungo gizonaren zuzeneko arbasoa da Cro-Magnongo gizona. Lehenengo Cro-Magnonak Europan agertu ziren orain dela 40.000 urte inguru, Perigord edo Chatelperron aldiko kulturekin lotuta. Gizon mota haren ezaugarri fisiko nagusiak honakoak izan ziren: garaiera, 1,69-1,77 metro inguru, burezurraren edukiera, 1.400 zk, burua luzexka, aurpegia zuzena, bekokia bertikala, bekain arku laburrak, baraila txikia eta kokotsa irtena. Ezaugarri nagusi horiek zituzten gizonekin batera, ordea, beste aldaera eta berezitasun batzuk zituztenak ere agertu ziren han eta hemen: Grimaldiko gizona edo Chanceladeko gizona, esaterako. Dena den, gaur egun, Cro-Magnongo gizontzat hartzen dira horiek guztiak ere. Hiru teoria daude Cro-magnongo gizonari buruz: 1) Afrikan bizi zen antzinako homo sapiens-aren ondorengoa da Cro-Magnon gizona, eta hura bilakatuz joan zen ahala beste Homo sapiens guztiak desagertu ziren. 2) Leku bakoitzean bizi zen Homo sapiensaren bilakaeratik sortu zen Cro-Magnongo gizona, eta leku bat baino gehiagotan agertu zen batera. 3) Leku jakin batean sortu zen eta, antzinako homo sapiens gizon motekin elkarturik, gaur egungo arrazei bide eman zien. Dena dela, europar gizon motaren zuzeneko arbasoa izan zen eta berak landu zituen Goi Paleolitoko kulturak.