Cristaldi, Franco
Italiar zinema zuzendari eta produktorea (Turin, 1924 - Montecarlo, Monako, 1992). 1952an Vides produkzio-etxea sortu zuen, izar berriak aurkitu eta kalitatezko zinema bultzatzeko Italian. Claudia Cardinale izan zen berak aurkitutako izar haietako bat. Harekin ezkondu zen, eta film hauetan zuzendu zuen, besteak beste: Audace colpo dei soliti ignoti (1959), Gli indiferenti (1963) eta La tenda rossa (1969). Zuzendari ezagunek zuzendutako hainbat film ere ekoiztu zituen: Luchino Visconti-ren Le notti bianche (1957), Gillo Pontecorvo-ren Kapó (1959) eta Operación Ogro (1979), Francesco Rosi-ren Salvatore Giuliano (1962), Il caso Mattei (1971), Lucky Luciano (1973) eta Cristo si è fermato a Eboli (1979), etab. Atzerriko film onenarentzako Oscar saria eman zioten behin baino gehiagotan: Pietro Germi-ren Divorzio all´italiana (1961), Federico Fellini-ren Amarcord (1973) eta Giuseppe Tornatore-ren Cinema Paradiso (1990) filmengatik.