Crohn-en eritasuna
Med. Urdail eta hesteetako hantura kronikoa. Digestio aparatuko edozein zati jo dezake, hasi ahotik eta uzkia arte; hala ere, gehienetan iliumean eta kolonean gertatzen da. Ez da eritasunaren jatorria ezagutzen, bai, ordea, eritasunaren joera genetikoa. Bestalde, uste da inguruneko faktoreek nolabaiteko eragina izaten dutela. Eritasun honetan sistema immunologikoaren gehiegizko erantzuna sortzen da. Edozein adinetan sor daiteke, baina gaztetan helduetan baino sarriago ageri da, 20 eta 30 urte bitartean hain zuzen. Crohn-en eritasuna Europan izaten da batez ere, Eskandinavia inguruko herrialdeetan, Ipar Ameriketan eta Australian batez ere, eta oso bitxia da Indian, tropiko inguruko Afrikan eta Hego Ameriketan. Japonian ez da oso ugaria, baina poliki-poliki gorantz doa. Beste herrialde batzuetan ere gorantz doa eri kopurua: Galesen, esate baterako 1930eko hamarraldian 0,18 gaixo izaten ziren urtean 100.000 biztanleko, 1980ko hamarraldian, berriz, 100.000 biztanleko eta urteko 8,3 kasura igo zen kopurua. Eritasunaren sintoma nagusiak beherakoa, sabeleko mina, argaltzea eta sukarra dira. Anemia ere izaten da. Hestearen hainbat geruza handitzen dira, eta hantura hori zauri bihurtzen da; hestearen gihar horma gizendu egiten da eta hestea gai solidorik ezin igaro dela gelditzen da. Hestearen horma guztia handitzen denean, fistulak sortzen dira eta zulatu egiten da. Fistula horiek urdaileko eta hesteetako zenbait atal lotzen dituzte zenbaitetan, kolona eta urdaila esaterako, eta azalera ere irits daitezke. Crohn-en eritasunaren diagnosia oso nekeza da. Diagnosia errazteko hainbat teknika daude, endoskopia adibidez. Eritasunaren tratamenduaren bidez, eritasunak sortzen dituen dieta urritasunak zuzentzen dira. Gaixoen % 70-80k kirurgia behar izaten du eritasunaren aldiren batean (zenbait atal erauzteko, fistulak osatzeko edo etenda dauden heste zatiak lehortzeko). Gaur egun ez da eritasuna sendatzeko tratamendurik ezagutzen, nahiz eta sintomak kontrolatzen diren eritasunaren aldi batzuetan.