Confederación Española de Derechas Autónomas
(CEDA). II. Errepublikaren garaian (1933-1936) Espainiako indar eskuindarrak bildu zituen alderdi politikoa. Madrilen sortu zen 1933ko otsaileko Biltzarrean. Alderdiaren muina, Angel Herrera Oriak, «erlijioa, jabegoa eta familia» babesteko 1931n sortutako Acción Popular (Acción Nacionalista 1932ra arte) delako alderdia izan zen. Honi Espainiako estatuko probintzietan sorturiko hautagai zerrenda eskuindarrak batu zitzaizkion. Gil Robles buru, CEDAk 1933ko hauteskundeak irabazi zituen, tradizionalistek eta, zenbait tokitan, Lerroux-en jarraitzaile erradikalek lagunduta. Gobernu atzerakoia izan zen; langileriaren aurkako neurriak hartu eta diktadura garaiko agintarientzat amnistia eman zuen eta militarrei eskua libre uzten zien. 1934an, gobernu eskuindarrak eta militarrek Asturiasko iraultza saioa zapaldu eta aurre egin behar izan zioten Kataluniako Generalitateari. Errepublikaren aurkako asmoak gero eta ageriago uzten ari zelarik CEDA, eskuineko eta ezkerreko errepublikarrak aurka jarri zitzaizkion. Errepublikaren azken bi urteetan, eskuin muturreko jarrerak nagusituz joan ziren alderdian arian arian; Frente Popularrak 1936ko otsaileko hauteskundeak irabazi ondoren, zerikusi handia izan zuen CEDAk Franco jeneralaren matxinadaren prestakuntzan. Gerra zibila hasi zenean, CEDA alderdia desegin eta buruzagi asko Falangeren (F.E.T. y de las J.O.N.S.) sailetara igaro ziren. Ez zuen indar handirik izan Euskal Herrian.
- Condor Legioa
- Condorcet, Marie Jean Antoine Nicolas de Caritat markesa
- condottieri
- Condroz
- Confebask
- Confederación Española de Derechas Autónomas
- Confederación Nacional del Trabajo (CNT)
- Conféderation Française et Démocratique du Travail (CFDT)
- Conféderation Générale du Travail (CGT)
- Confolens
- Congar, Yves