Conféderation Générale du Travail (CGT)
Frantziako sindikatuen elkartea (Limoges, 1895). Higikunde sindikalaren erabateko autonomia aldarrikatu bazuen ere (Amiens, 1905), CGT ezker alderdiaren eta joera desberdinen arteko tirabiren mendean egon da. 2.000.000 kidek osatzen zuten 1920. urtean. Urte hartarako deitutako grebak arraskatarik izan ez zuela eta, anarkosindikalistek eta komunistek sindikatua utzi eta Conféderation générale du travail unitaire (CGTU) sortu zuten (1921) eta Hirugarren Internazionalean sartu ziren 1923an. 1936ko biltzarrean bat egin zuten berriz eta CGTk bere egin zuen Frente Popularraren programa. 1940. urtean Vichy-ko gobernu aleman zaleak legez kanpo utzi zuen sindikatua. Gerra bukatu ondoren, komunistak geratu ziren sindikatuaren buru; honen ondorioz, anarkosindikalistek Conféderation National du Travail delakoa (CNT) sortu zuten 1946an eta erreformistek CGT-FO (Force Ouvrière, 1948. urtean. 600.000 kide ditu gaur egun). CGT Frantziako lehen sindikatua da gaur egun: 1.600.000 kide. ■ 1981. urte inguruan Konfederazio barruko tirabirak areagotu egin ziren. Bi idazkarik dimisioa aurkeztu zuten: sindikatuaren ekimenak PCF alderdiaren interesen mendekoak zirela adierazi zuten. Eta egoera horrek ez zuen onera egin 1981-1984 urteen bitartean gobernuan ministro komunistek parte hartu zuten garaian. 1982an Henri Krasucki Konfederazioko idazkari orokor izendatu zuten. Komunistek Fabiusen gobernuan parte hartzeari uko egin ziotenean, CGTek gogor egin zuen lehendakariaren eta Lehen ministroaren politikaren kontra. 1985ean Konfederazioa lanbide arteko ekimenen jardunaldi nazionalak antolatzen hasi zen berriz ere (1980az geroztik etenak). 1986an ikasleen higikundearen alde egin zuen, eta saiatu zen burdinbideko langileen greba sektore publikoetara eramaten. CGTek indar handia egin zuen Gizarte Segurantzaren alde 1987an. 1992an Henri Krasuckik Louis Vianneti utzi zion lekua.