Companys i Jover, Lluis
Kataluniako legegizon, kazetari eta politikari abertzalea (Tarrós, Lleida, 1882 - Bartzelona, 1940). Nekazari etxe batean sortu zen. Zuzenbide ikasketak egin zituen Bartzelonan. Gaztetandik izan zen errepublikarren alderdiko partaidea. La lucha izeneko egunkariko zuzendaria izan zen 1916tik aurrera. 1917an Bartzelonako zinegotzi izendatu zuten, Unió federal nacionalista republicana alderdiaren aldetik. Legegizon sindikalista zen eta Mahongo presondegira eraman zuten CNTko sindikalista batzuekin. Diputatu aukeratu zuten Espainiako Gorteetan eta, kartzelatik irten ondoren, Kataluniako patronalaren eta militarren langileen aurkako zapalkuntza salatu zuen eta Marokoko gerraren aurkako agertu zen. Primo de Riveraren diktaduraren aurka borrokatu zen eta Unió de Rabassaires nekazari erakundea sortu zuen. 1931. urtean Esquerra republicana de Catalunya alderdia sortu zuen. 1931ko apirilaren 12an Bartzelonako zinegotzi aukeratu zuten eta apirilaren 14an, alkate zelarik, Katalunian errepublika aldarrikatu zuen. Hilabete batzuez Bartzelonako gobernari zibila izan ondoren, diputatu aukeratu zuten 1931. urtean bertan. 1932ko abenduan Kataluniako Parlamentuko lehendakaria aukeratu zuten eta 1933ko ekainetik irailera Espainiako estatuko Itsas ministroa izan zen. Maciá hil zenean Generalitateko lehendakari aukeratu zuten 1934ko urtarrilaren 1ean eta gobernu ezkertiar bat osatu zuen Katalunian. 1934ko urriaren 6an, Madrilgo gobernu eskuindarraren aurka altxatu zen eta Kataluniako estatua aldarrikatu zuen, baina espainiar gudarosteak egun horretan berean utzi zuen balio gabe saio hura. Hogeitaamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta 1936ko otsaileko hauteskundeen ondoren libre utzi zuten. Kataluniako lehendakari izendatu zuten eta kargu hura bere esku izan zuen frankistek Katalunia hartu zuten arte (1939ko martxoa). Frantziara jo zuen faxistengandik ihesi, baina Vichyko gobernuak preso hartu eta frankisten eskuetan utzi zuten. 1940ko urriaren 15ean fusilatu zuten Montjuïc-eko gazteluan.
- Como
- Como
- Komodo
- Comodoro Rivadavia
- Comonfort, Ignacio
- Companys i Jover, Lluis
- Compiègne
- Compostela
- Compton, Arthur Holly
- Comtat Venaissin
- Comte, Auguste