Comte, Auguste
Frantses filosofoa, positibismoaren aitzindaria (Montpellier, 1798 - Paris, 1857). 1826. urtean positibismoari buruzko ikastaro bat emateko konpromisoa hartu zuen baina eroaldi batek jota bertan behera utzi behar izan zuen ikastaroa. 1831-1848 bitartean astronomia ikastaroak eman zituen, doan, Parisen. Emaztearengandik bereizi eta dirurik gabe gelditu zenez, 1848tik hil zen arte lagunen diru laguntzei esker bizi izan zen. 1830-1842 bitartean Cours de philosophie positive lana idatzi zuen (6 liburuki). «Egia biribilik ez dago, horra dugun egia bakarra» zioen Comtek. Eta ideia hari jarraituz, gertaerak eta horien arteko harremanak soilik kontuan hartzen zituen metodoa eman zuen. Comteren arabera, gertaerak esperientziaren bitartez froga daitezkeen gertakariak dira, esperientzia bakarra zentzumenen bitartez jasotzen dena da. Psikologia metodo horretatik at geratzen da eta gizakiaren ezagutzak fisiologian du oinarri, Comtere ustetan. Bestalde, agnostikoekin bat zetorren: «gauza bere horretan» helezina eta ezagutezina da. Hiru bilakabide maila bereizi zuen giza izpirituaren historian: maila teologiko eta militarra, maila metafisikoa eta legegilea, eta maila positibo eta industriala. Lehenengoan, apaizak eta gerlariak nagusi ziren aroan, naturako gertakarien aurrean, naturaz gaindiko azalpenak bilatu nahi izan zituzten gizakiek eta gisa honetan sortu ziren fetitxismoa, politeismoa eta monoteismoa. Bigarrenean, filosofoen eta legegizonen aroan, zergatia abstraktoez (ideia, indarra) baliatu ziren gizakiak. Hirugarrenean, aldiz, teoriaren eta praktikaren arteko loturaren bidez, gizarteak behaketaren eta esperientziaren bitartez jotzen du aurrera. Comteren arabera, zientzien mailaketa hauxe litzateke: matematika, astronomia, fisika, kimika, biologia eta soziologia. Obra nagusiak: Cours de philosophie sociale (1819-1829), Système de politique positive (1851-1854), Cathéchisme positiviste (1852) eta Synthèse subjective.