Collins, Michael
Irlandar politikaria (Clonakilty, Cork, 1890 - Bandon, Cork, 1922). Sinn Fein alderdiko kidea. Bazkoko matxinadan parte hartu zuen 1916. urtean eta preso eduki zuten zenbait hilabetez. 1918. urtean, Irlandako Errepublika aldarrikatu zuten Sinn Feinneko 29 partaideetako bat izan zen (Dail Eireann, Irlandako legebiltzarra) eta Finantza ministro izendatu zuten. Gobernu berriko partaide gehienak kartzelan zeudenez, Collins-ek berebiziko eragina izan zuen errepublikaren erabaki guztietan. 1919. urtean Eamon De Valeraren ihesa prestatu zuen; 1920-1921 urteetan Britainiako gobernuarekiko elkarrizketetan parte hartu eta garrantzi handiko akordio batzuk sinatu zituen harekin (Londresko ituna, 1921; hitzarmen honen arabera Irlanda bitan banatu zen). 1922. urtean Irlandako behin-behineko gobernuko lehendakari izendatu zuten, Irlanda osorako burujabetasuna eskatzen zuen De Valera kargu hartatik kendu eta Arthur Griffith hil ondoren. Urte hartan bertan piztu zen Irlandako gerra zibila eta Irlanda batuaren aldeko taldeen ekintza baten ondorioz hil zen Collins.