Casassas Ymbert, Jordi
Katalan historialaria (Bartzelona, 1948). Bere lanak gaztelania eta katalanez idatzi ditu. Bartzelonako Unibertsitatean historia moderno eta garaikidean lizentziatu zen 1973an, eta 1977an doktoregoa lortu zuen, Jaume Bofill i Mates-i buruzko azterlan batekin; Bofill i Mates Kataluniako politika eta kulturaren alorrean oso garrantzitsua denez, lan horretan XX. mende hasierako Kataluniako gizartearen azterketa orokorra egin zuen Casassasek. Zenbait urtez Bartzelonako Unibertsitatean irakasle izan ondoren, Historia Garaikideko katedra lortu zuen 1989an. Bere obretan gaur egungo gizartearen historia politiko, instituzional eta kulturalaren azterketa egiten du, baina horrez gainera, Kataluniako Errestaurazio garaiko intelektual eta profesionalez, Primo de Riveraren diktaduraz eta katalanismoaz ere zenbait liburu argitaratu ditu. Aldizkari espezializatuetan ere idazten du, besteak beste L´Avenç, Recerques eta Estudios de Historia Social-en. 1991n kongresu bat antolatu zuen Bartzelonan, XIX eta XX. mendeetako Italia eta Espainiako estatuen bilakaerari buruzkoa. Bere obra ezinbestekoa da Errestaurazio garaiko Katalunia ezagutzeko.