Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cascante

Nafarroa hego-ekialdeko udalerria (Tuterako merindadea). Mugak: iparraldean Murchante eta Tutera, ekialdean Ablitas eta Tutera, mendebalean Tutera eta hegoaldean Barillas, Tulebras eta Monteagudo. Altuera 357 m. 63,11 km2. 3.548 biztanle ditu (cascantearrak). Keiles ibaiak zeharkatzen du udalerria. Hizkuntza, gaztelania. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Industria da ekonomia jarduera nagusia (ehun langintza, janari industria, kontserbak eta zurgintza. Langileen % 46). Nekazaritzak langileen % 32 hartzen du (laboreak, mahastiak, olibondoak, barazkiak eta esparragoak).  v  Artea. Aipagarriak dira XVI. mendeko Ama Birjinaren Jasokunde eliza gotiko-platereskoa, udaletxea, Nuestra Señora del Romero basilika eta bertatik herrira luzatzen den arkuteria. v Historia. Ptolomeo, Plinio, Antonino eta Tito Livio historialari erromatarrek aipatzen dute Cascantum hiri baskoia. IX. mende hasieratik XII. mendera arte (1114), arabiarren esku egon zen, tarte batzuetan nafarrek berreskuratzea lortu bazuten ere. XI. mendetik aurrera, aljama edo auzo judu bat antolatu zen Cascanten. 1114. urtean, Aragoi eta Iruñeko Alfontso I.a Gudularia erregeak konkistatu eta Tuterako foruak eman zizkion hiru urte geroago. XIII-XV. mendeetan, auzi ugari izan zen Nafarroako gortean, Cascanteko jaurerria zela eta. Aragoiko mugetatik hurbil, eraso bortitzak jasan zituen hiriak aragoitarren aldetik.