Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Carroll, Lewis

(Charles Lutwidge Dodgson-en goitizena). Ingeles idazlea (Daresbury, Cheshire, 1832 - Guilford, Surrey, 1898). Matematiketan eta logikan aditua zen; Oxfordko Unibertsitateko irakaslea izan zen 1881era arte, eta zientzia lan interesgarriak argitaratu zituen (Determinatzaileen oinarrizko tratatua, 1867; Euklides eta bere arerio modernoak, 1879). Nahiago zuen haurrekin ibili helduekin baino, eta Alice Liddel neskatoak eskatuta idatzi zuen, 1865ean, Alice´s Adventures in Wonderland (Aliceren abenturak Lurralde Miresgarrian, Gurutze Mujikak eta Manu Lopezek euskarara itzulia), fantasia eta umorezko obra guztiz ospetsua. Arrakasta handia izan ondoren, 1872an Through a looking-glass and What Alice found there (Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena, Manu Lopezen itzulpena) argitaratu zuen, helduen mundua eta logika haurrak aurrera egiten duen xake taula baten irudian azaltzen duen liburua. The Hunting of the Snark (Sugrazoaren Ehiza) poema laburra idatzi zuen 1876an, fantasia eta hitz jokoan oinarritua (snake «suge» eta shark «marrazo» hitzez baliaturik sortu zuen hitz berria da snark). Sylvie and Bruno (Sylvie eta Bruno) 1889-1893an idatziriko lanean haurren munduari buruzko ikusmolde berri bat azaldu zuen. Argazkien munduan ere barneratu zen; gai nagusitzat neskato gazteak hartu zituen, baina utzi behar izan zuen, diakono gisa zuen izen ona honda ez zedin. Bere azken lanetan, A tangled tale (Istorio bihurri bat, 1885) eta Dortokak Akilesi esan ziona (1894), umorez erabili zuen logika matematikoa.