Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Carrillo, Santiago

Espainiar politikaria (Gijon, 1915). Gaztedi Sozialistako idazkari orokorra zelarik, 1934. urteko Asturiasko matxinada iraultzailean hartu zuen parte. Alderdi Komunistako kide bihurtu zen 1936. urtean. Gerra amaitutakoan Frantziara joan eta Espainiako Alderdi Komunista berrantolatzeaz arduratu zen. 1960. urtean Alderdiko Idazkari nagusi izendatu zuten. Eurokomunismoa bultzatu zuen Sartaldeko Europako ezkerraren aurrerabide gisa, eta eten demokratikoa proposatu zuen frankismoa gainditzeko. Franco hil ondoren, ordea, frankismo barrutik bideraturiko trantsizioa bultzatu zuen, alderdi komunista legeztatu ondoren (1977). Alderdi komunistak 1982ko hauteskundeetan porrot handia jasan ondoren, idazkaritza nagusia utzi zuen eta gorabehera ideologiko handien ostean, 1985ean alderditik atera behar izan zuen. 1991. urtean ideia komunistak utzi eta P.S.O.E. alderdian sartzera bultzatu zituen bere jarraitzaileak, bera kanpoan gelditu bazen ere.