Caro Baroja, Julio
Nafar etnologoa, historialaria eta antropologoa, Madrilgoa jatorriz (Madril, 1914 - Bera, 1995). Pio Barojaren iloba; jaiotzatik bizi izan zen liburu artean eta, familia zela-eta, gaztetandik lotu zitzaion Euskal Herriari. 17 urte zituela hasi zen Jose Migel Barandiaran eta Telesforo Aranzadirekin lanean, etnologia eta antropologiaren munduan. 1940an Antzinako Historiako doktoretza eskuratu zuen, eta 1944an Madrilgo Museo del Pueblo Español izeneko erakundeko zuzendari izendatu zuten; kargu horretan hamar urte egin zituen. Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkariaren (RIEV) zuzendaria izan zen. v Espainiako eta Euskal Herriko Antzinako eta Erdi Aroko historia aztertzerakoan, guztiz kontuan hartu beharreko egilea da. Hainbat lan argitaratu zituen, garrantzi handikoak denak, etnologia, antropologia, historia eta filologia alorretan. Hauek dira aipagarrienetako batzuk: Los pueblos de España (1946), Los Vascos (1949), Razas, pueblos y linajes (1957), Las brujas y su mundo (1961), El Carnaval (1965), Inquisición, brujería y criptojudaísmo (1970), Etnología Histórica de Navarra (1971), Los Vascos y la Historia a través de Garibay (1972), Obras completas vascas (1974), La brujería vasca (1975), Cuadernos de campo (1979). Hauez gainera, Los Baroja bere familiari buruzko oroitzapen liburua argitaratu zuen 1972. urtean. Euskara eta filologiarekiko harremanak ere gaztetandik hasi zituen (Materiales para una historia de la lengua vasca en su relación con la latina, 1945). Espainiako Errege Akademia bitako kidea zen (Hizkuntza eta Historia), eta euskaltzain ohorezkoa.