Carnot, Nicolas Leonard Sadi
Frantses fisikaria (Paris, 1796 - Paris, 1832). Lazare Nicolas-en semea. Beroaren eta lanaren arteko lotura zehaztu zuen lehen fisikaria izan zen; tresna termikoak aztertzen ari zela, termodinamikaren bigarren printzipioa edo Carnoten legea eman zuen, eta horrela sortu zen termodinamika modernoa (Suaren motor indarraz eta indar hori garatzeko makinez gogoetak, 1824). v Carnoten zikloa: Fis. Bero motorretan, jariakin baten (motor batean erabilitako gasa, esate baterako) presio eta tenperatura aldaketen segida zikliko ideala, XIX. mendearen hasieran Sadi Carnot-ek asmatua. Ziklo horretan motorrak erabiltzen duen gai jariakinak lau aldi izaten ditu hurrenez-hurren: espantsioaldia, gaia tenperatura konstantean berotuz; espantsioaldi adiabatiko atzeragarria (jariakinak ez du berorik hartzen, ez eta galtzen, eta tenperatura jaitsi egiten du espantsioaren eraginez); konpresioaldia, gaia tenperatura konstantean hoztuz; eta konpresioaldi adiabatiko itzulgarria, jariakinaren tenperatura handituz. Motorrak beroa hartzen du (bero iturritik) tenperatura altuan espantsioaldian, lana egiten du expantsioaldi adiabatiko itzulgarrian, beroa kanporatzen du (bero isurtegira) tenperatura hotzeko konpresioaldian, eta lana jasotzen du konpresioaldi adiabatiko itzulgarrian. v Carnoten legea: Fis. Sadi Carnotek 1824an idatzi zuen “proposamen orokorrean” jasorik dagoen legea: “Beroaren higimena, jokoan jartzen diren eragileengandik aske da; batetik besterako bero garraioa gertatzen zaien gorputz beroaren eta gorputz hotzaren tenperaturen aldeak ematen du higimenaren zenbatekoa.” Lege honen edukia, Rudolf Clausius-ek eta William Thomson-ek (Lord Kelvin) apur bat orrazturik, Termodinamikako bigarren lege bihurtu zen, haiek termodinamikaren teoria garatu zutenean.