Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Cano Jauregi, Harkaitz

Gipuzkoar idazlea (Lasarte-Oria, 1975). Gaztetatik dabil literaturaren munduan sarturik: gazte mailako lehiaketetako parte hartzaile eta irabazle izan da sarritan. Bere garaian euskal literaturgintza gaztetu zuen Lubaki taldeko bultzatzaile izan zen. Literaturako hainbat genero lantzeaz gainera, Zuzenbide ikasketak ere egin ditu. Hauek dira 2000. urtea arte argitaratutako lanak: Kea behelainopean bezala (1994) poema liburua; Pauloven txakurrak (1994) narrazioa; Radiobiografiak (1995), Telefono kaiolatua (1997) eta Bizkarrean tatuaturiko mapak (1998) ipuin bildumak, eta Beluna Jazz (1996) eta Pasaia blues (1999) nobelak. Hainbat komunikabidetan ere argitaratu ditu artikulu eta kronikak; besteak beste, Jakin, Euskaldunon Egunkaria eta El Diario Vascon argitaratu izan ditu azkenaldian bere artikuluak. 2000. urtean New Yorken egindako egonaldiaren kronika den Piano gainean gosaltzen liburua argitaratu zuen. Urte berean, bere lanetan sarritan aipatzen eta goresten duen musikan ere egin zuen saioa, Igor Kalzadarekin batera, Uztail oparo ostean diskoa kaleratuz. 2005ean Literaturako Euskadi saria irabazi zuen Belarraren ahoa lanarekin.