Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Camino, Joaquín Antonio

Gipuzkoar historialaria. Apaiza (Donostia, 1754 - Lugo, 1819). Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituen. Donostiako kronikari ofiziala izan zen. Donostiako udal artxibategia miatu eta antolatu zuen oso-osorik. Hango paperak bildu eta Historia Civil, Diplomática, Eclesiástica, Antigua y Moderna de la Ciudad de San Sebastián liburua idatzi zuen. Ezinbesteko erreferentzia liburua izan zen, gerora, 1813ko Donostiako sutean erre egin baitzen artxibategia. Obra hori Aurrera egunkariak (1870eko gehigarria) eta Euskal-Erria aldizkariak (1887-1892) eman zuten lehenbizikoz ezagutzera. Oñatiko unibertsitateko irakasle eta erretore izan zen (1787). Konbentzioko gerra zela eta Lugora jo zuen, eta bertako katedraleko kalonjea zen hil zenean.