Cabral, Amilcar
Ginea Bissauko politikaria, Afrikak XX. mendean eman duen iraultzaile nagusietakoa (Cabo Verde, 1921 - Konakry, 1973). Nekazaritzako ingeniaria zen, eta Ginea Bissaun eta Angolan egin zuen lan. 1956. urtean P.A.I.G.C. (Ginea eta Cabo Verdeko independentziaren aldeko Afrikako Alderdia) sortu zuen. Borroka armatuaren aldeko izan zen portugaldarren eta kolonialismoaren aurkako auziari irtenbidea emateko. 1963. urtetik aurrera lurralde askatuak antolatzen hasi zen portugaldarren mendeko Ginean eta 1973an Ginea Bissauren independentzia aldarrikatu zuen, Portugalen kolonialismoa irtenbiderik gabe utzirik horrela. Teorialari eta politikari argia, Amilcar Cabralek Afrikako zapalduen ahotsa eraman zuen nazioarteko batzar nagusi guztietara (NBE, Habanako Trikontinentala). Ginea errepublikako Konakry hirian hil zuten Portugalgo gobernuak ordainduriko pistolari batzuek, 1973. urtean.