Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Brujas

(Neer. Brugge) Belgikako ipar-mendebaleko hiria eta Mendebaleko Flandes probintziako hiriburua, Reye ibaiaren ertzean, Ipar itsasotik 13 km-ra. 117.747 biztanle (1985). Apezpikutegia.  v  Brujas abeltzaintza eta nekazaritza eskualde baten erdian dago, mende hasieran zabaldu zen ubideari esker (Brujas eta itsasoa lotzen dituena, hain zuzen) nolabaiteko industria izan duena. Hiri zahar ikusgarria da, ubide ugarik zeharkatua. Monumentu asko gordetzen du: XIII. mendeko kanpandorrea, XIII-XVI. mendeetako azoka, XIII. mendeko museoa, XII. mendeko basilika, XIV. mendeko udaletxea, XIII. mendeko Notre Dame eliza, X. mendeko katedrala, etab. Oso turismogune garrantzitsua da.  v  Historia. 837. urtean Balduin Burdin-beso Flandesko lehen kondeak gaztelu bat eraiki zuen zubi baten ondoan (brugge) eta bertan bizi izan ziren Flandesko konde aberats ahaltsuak XIV. mendera arte. Hain oparoa zen hiria non bertako merkatari batek ordaindu baitzuen Joan Lurgabea Flandesko azken kondeari ezarri zioten bahitura sari izugarri handia (400.000 koroa urre). Brujas garrantzi handiko portu bihurtu zen; bertatik merkaturatzen ziren Flandesko ohialak, Ingalaterrako artilea, Eskandinaviako zura, Errusiako anbarra, Espainiako ardoa eta Veneziako zeta, besteak beste. XIII. mendean Hansaren kontsul hiria bihurtu zen. Artea ere nabarmen garatu zen Brujasen. 1301. urtean barne gatazka eta gerrez baliatu zen Filipe Ederra bertan sartzeko. Filipe II.aren garaian (1363-1404) erlijio gerrek hiriaren gainbeheraren hasiera ekarri zuten. XVI. mendean, Karlos V.a enperadore germaniarraren garaian, hiri indartsua zen Brujas, baina oihalgintzaren gainbehera hasia zen eta Brujasko hiriak galdu egin zuen arian-arian aurreko mendeetan irabazitako guztia. Gante, Ypres eta, ondoren, Anberes izango ziren Iparraldeko merkataritzan nagusituko ziren portuak. XX. mendean Brujas hiri gartsu eta bizia bihurtu da berriz ere.
 v  Bizkaiko Kontsuletxea. Hiri zaharreko Biskayers Plaatz izeneko plazak gogora ekartzen du euskaldunek XIV. mende hasieratik aurrera bertan izan zuten kontsuletxe edo merkatari etxea. Bizkaiko Kontsuletxeak hegoaldeko euskaldun merkatarien negozioak bideratu zituen Brujasen XVI. mendearen bukaeran, Espainiaren inperialismoaren aurka altxatu ziren abertzale flandestarren eraginez utzi egin behar izan zuten arte (1577-1578). Bizkaitarrek XVII. mendean kontsuletxea berriz ezartzeko egin zituzten ahaleginek ez zuten inolako fruiturik eman. XV. mendean Gaztelako koroak bere kontsuletxea zabaldu zuen Brujasen, Bizkaikoarekin zer ikusirik izan gabe, elkarren artean tirabira handiak izan zirelarik ondoko urteetan.