Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Brunei

(Izen ofiziala, Bruneiko Nazioa, Bakearen Egoitza; malaysieraz, Negara Brunei Darussalam). Asiako hego-ekialdeko sutalnerri islamiarra, Borneo uhartearen ipar-mendebaldean. 5.765 km2 eta 379.444 biztanle (2007, bruneitarrak). Mugak: Txina Hegoaldeko Itsasoa, iparraldean, eta Sarawak malaysiar estatua, gainerakoan (Sarawakek Brunei bitan banatzen du gainera). Hiriburua: Bandar Seri Bagawan. Hiri nagusiak: Kuala Belait, Tutong, Bangar. Hizkuntzak: malaysiera (ofiziala), ingelesa (harreman ofizialetarako erabiltzen dena) eta txinera. Gizatalde nagusiak: malaysiarrak (% 67) eta txinatarrak (% 15). Erlijioa: islama. Dirua: Bruneiko dolarra. ■ Biztanleak. Biztanle gehienak hiriburuan bizi dira. Biztanleria oso gaztea da: ia biztanleen erdia 15 urtetik beherakoa da, eta bizi itxaropena Asiako hego-ekialdeko altuena da. Hezkuntza doakoa da maila guztietan, baita bertako zein atzerriko unibertsitateetan ikasketak egiten dituztenentzat ere. ■ Ekonomia. Oro har herrialde aski aberatsa da, eta Asiako hego-ekialdeko estatuen artean bizi maila altuena duena. Bertako eta atzerriko enpresen mende dago Bruneiko ekonomia, eta petrolioaren ustiapena da jarduera nagusia (petrolio ekoizle handietakoa da). Petroliotik ateratzen da barne produktu gordinaren erdia gutxi gorabehera. Dena dela, ekonomia jarduerak ugaritzeko ahaleginak egiten ari da gobernua, petrolioaren gorabeheren mende baitago bestela herrialdea. Petrolioaren prezioen beherakadaren eta Asiako krisiaren eraginez, esaterako, Bruneiko ekonomiaren hazkundea oso murritza izan zen 1999an. Petrolioaz gainera, garrantzitsua da baso ustiapena eta nekazaritza. Bruneiko sultana, Hassanal Bolkiah, munduko pertsonarik aberatsena da. ■ Gobernua eta administrazioa. Sultanerri konstituzionala da, eta sultanak du aginpide absolutua; erregeak izendatzen ditu kargu politiko eta administratibo gehienak, eta oro har agindu bidez agintzen dute herrialdea. Lau barrutitan banatuta dago: Belait, Brunei eta Muara, Temburong, Tutong. Konstituzioa 1959koa da. ■ Historia. 1984. urtean burujabetasuna lortu zuenez gero, Haji Hassanal Bolkiah sultana izan da Bruneiko estatu eta gobernuburua. Errege familiaren baitako liskarrak eta administrazio publikoan, gudarostean eta ekonomian atzerritarrek izan duten boterea dira (Britainia Handiak eta Estatu Batuek batez ere) Bruneiko azken urteetako historiaren ezaugarri nagusiak. Sultanak ez du onartu liberalizazio politikoa eta oso politika itxia eraman du aurrera, nahiz eta 1993az gero nolabaiteko zabaltzea ekarri duten aldaketa txikiak antzeman diren; harreman diplomatikoak sortu zituen Albania, Bulgaria, Costa Rica eta Myanmar-ekin; inbertsioak egin zituen Vietnamen eta Txinan; 1993an APEC elkartearen bileran parte hartu zuen (Asia-Ozeano Bareko Elkarte Ekonomikoa) eta GATT hitzarmena sinatu zuen (Arantzel eta Merkataritzei buruzko Hitzarmen Orokorra). 1998an sute handiak izan ziren Borneoko uharteko alderdi indonesiarrean, eta Bruneiraino iritsitako kete larriek kalte handiak eragin zituzten Bruneiko eguneroko bizitzan.
http://www.brunei.gov.bn/index.htm