Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bruegel

edo Brueghel, Pieter (Zaharra, deitua). Flandestar margolaria (Brueghel? Breda ondoan?, 1525 inguruan - Brusela, 1569). Anberesen trebatu zen Pieter Coecke Van Aalstenen lantegian. Italiara egindako bidaia batetik (1552-1553), marrazki ugari ekarri zuen, batez ere Alpeetako ikuspegiak; handik aurrera izadiak paper garrantzitsua izan zuen Bruegelen obran. Anberesa itzulirik, grabatuak egiteko marrazki anitz egin zituen: ontziak, ikuspegiak, eszena satirikoak, etab. Pinturari aski berandu ekin zion, 1557 inguruan edo. P. Coeckeren alabarekin ezkondu ondoren (1563) Bruselan hartu zuen egoitza. Lehen koadroetan Bosch-en eragina ageria da; kolorea era berezian erabiltzen du, eta xehetasunetan asmamen joria erakusten: Aingeru errebeldeen erorrera, Herioaren garaipena. Bruegelek bere koadroetan herritarren bizimodua azaldu du, lana, jokoak eta borrokak, betiere ondo nabarmenduriko ikuspegi batean kokatua. Halaxe ageri da Aroak sailean: Ehiztariak elurretan, Belar ebaketa, Uzta. Beste zenbaitetan, gizonaren patu tragikoa agertzen du: Itsuak, Eskaleak. Dena den, herritarren ohiturak dira haren gai nagusia: Kermesa, Eztei oturuntza. Zenbait lanetan bere garaiko gertaerak islatu bide zituen (miseria, espainiarren agintea, Erreforma), baina askotan horien zentzua ilun geratzen da. Zenbaitetan flandestarren literatura edo ahozko tradizioa hartu zuen iturri gisa. Atsotizak sailean obra osoaren izaera satiriko eta moralizatzailea nabarmenagoa da.  v  Italiako Errenazimentuaren aitzindari, Flandesko XVI. mendeko margolaritzaren artista gailen honek eragin handia izan zuen bere garaiko Holanda aldeko margolarien artean.