Brunelleschi, Filippo
Italiar pintore, eskultore eta arkitektoa (Florentzia, 1377 - Florentzia, 1446). Hasieran zilargile eta eskultorea izan zen. Donatellorekin Erromara joanik, bertan arkitektura klasikoa aztertu zuen ingeniari eta teknikoaren begiez. Florentziara itzulirik, perspektibaren ikerketari lotu zitzaion. Santa Maria dei Fiore-ko kupula (1420-1436) izan zen ikerlan haien guztien fruitua. Modu horretara abiatu zen arkitekto berritzailearen obra, antzinako artearen baliabideak esku-beteka erabiliz baina ikusmolde berri bere berekietara egokituz. Beste zenbait lan garrantzitsu San Lorenzo-ko sakristia zaharra (1420), Pazzi kapera (1429-1446), San Lorenzo eliza (1421-1423), Santa Maria degli Angeli (1434, amaitu gabea), Santo Spirito eliza (1444). Arkitektura zibilaren alorrean, orobat, bere kanon argi zehatzak aplikatu zituen: Guelfoen jauregia, Errugabeen ospitala, Pitti jauregia. v Kezka humanistek eta arrazoiak zuzendurik, Brunelleschiren lana Errenazimentuko antzearen eredu da.