Boulanger, Georges
Jeneral eta politikari frantsesa (Rennes, 1837 - Ixelles, Belgika, 1891). Kabilian, Italian eta Kotxintxinan egon ondoren, Frantzia eta Alemania arteko gerran hartu zuen esku (1870-1871) eta, Tunisiako oste kolonialen buru izan ondoren, Gerrako ministro izendatu zuten 1886an. Abertzale sutsua eta alemaniarren aurkakoa, 1888an hauteskundeetan parte hartu zuen (Ligue des Patriotes) eta lau departamendutan garaile izan ondoren irabazle izan zen Parisen (1889ko urtarrila). Bere maitaleari jaramon eginda, ordea, ez zen Elysée-ra joan eta gobernuak Estatuaren aurkako kolpea prestatu zuelako salaketa egin zion. Erbestera alde eginik, bizi osorako kondenatu zuten Parisen eta, Ingalaterran egon ondoren, bere buruaz beste egin zuen Belgikan bera baino lehenxeago hila zen maitalearen hilobi gainean. v Boulangistak edo Boulanger jeneralaren jarraitzaile abertzale sutsuak desagertu egin ziren militarra hil ondoren.