Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bougainville

Salomon uhartediko uharterik handiena (Ginea Berria), Ozeano Barean. 10.000 km2 eta 90.000 biztanle [melanesiarrak; uhartean hamar hizkuntza mintzatzen dira]. Hiriburua: Kieta.  v  Orografia. Oso uharte menditsua da, eta bertan bi sumendi daude (Balbi eta Bagana). Landaredi trinkoak estaltzen du, neurri handi batean, uhartea. Ekialdeko kostaldean ordoki estu bat ageri da, Kietatik hurbil. Ekuatoreko klima.  v  Historia. Uharteak Louis Antoine Bougainville itsasgizon frantsesari zor dio izena, hark aurkitu baitzuen 1768. urtean. Buka uhartearekin batera alemaniarren esku egon zen 1899.tik 1914ra bitartean. Australiarren mende 1921ean, japoniarrek hartu zuten 1942. urtean. Amerikarrek 1943. urtean eraso zuten. Bigarren Mundu Gerra bukaeran NBEk (Nazio Batuen Erakundeak) Australiaren mende utzi zuen uhartea 1975. urtera arte. Urte horretan burujabetasuna aldarrikatu bazuten ere, 1976. urtean Ginea Berriari lotu zitzaion. 1990. urtean armada iraultzailearen buru zen Francis Onak, burujabetasuna aldarrikatu zuen berriro ere.