Boudjedra, Rachid
Aljeriar idazlea, frantsesez idazten duena (Ain El-Beida, 1941). Lehenengo eleberriarekin egin zen ezagun Boudjedra, La Répudiation (1969, Uko egitea). Lan horretan gogor salatzen du bere herrialdeko aginpide patriarkala eta emakumeen egoera. L'Insolation (1972, Intsolazioa), eta Topographie idéale pour une agression caractérisée (1975, Eraso bereizgarri baterako topografia ideala) lanetan aurrekoaren bide beretik egin zuen. L'Escargot entêté (1977, Barakuilu tematia) lanean umore beltzaren arrastoak ikusi zituen kritikak. Dena dela, ondorengo eleberriak izan ziren ospetsuenak: Le Vainqueur de coupe (1981, Kopa irabazlea) eta Le Démantèlement (1981, Eraispena). Boudjedraren hizkuntza aberatsa da oso, barrokoa, bizitasun eta irudimenez betea. Frantsesez idazten duen aljeriar idazle handientzat hartzen da. Kultura frantsesaren barruan sarturik badago ere, arretaz arduratzen da gaur egungo arabiar munduko arazoez (1981, Les Mille et Une Années de la nostalgie), eta hala erakusten dute idatzi zituen bi saiakera lanek: La Vie quotidienne en Algérie (1971, Aljeriako eguneroko bizitza), eta Journal palestinien (1972, Palestinar egunkaria). Poema bilduma bat ere idatzi du, Pour ne plus rêver (1975, Amets gehiago ez egiteko), tonu erasotzaile eta gogorrarekin. Azken lanak Lettres algériennes (1995, Aljeriar gutunak) eta La vie à l'endroit (1997, Bizitza inguruan) ditu.