bizkaiera
iz. Euskal dialektoa, Bizkaian, Arabako iparraldean eta Gipuzkoako mendebaldean erabiltzen dena. v Euskarak duen dialekto nagusietakoa da, eta gehien mintzatzen dena. Bizkaiera da, zubererarekin batean agian, hitz eta esamolde zaharkitu gehien dituen euskalkia. Euskal Herriko mendebalean, bizkaiera antzinako herri karistiar eta autrigoiek hartutako lurraldeetan ageri da, nahiz eta autrigoien aldean (Enkarterriaren parte bat, Kantabriako Castro-Urdiales, Burgosko Bureba eta Errioxa Ekialdea) ia erabat galdu zen XIV. mendearen aurretik (alde autrigoiari begira zeuden Barakaldo eta Abando elizateetan euskaraz hitz egiten zen XIX. mende hasieran). Bizkaieraren hedadura askoz ere zabalagoa izan zen, beraz, historian zehar gaur baino. Araban XVIII. mendearen bukaera arte nagusi izan zen euskara ere bizkaiera edo sartaldeko euskalki mota bat zen. Bilbo aldea izan da, luzaroan, bizkaierak izan duen sartaldeko muga eta XVIII. mende erdialdetik aurrera Bilboko hiria izan da gaztelania, bertako gaztelania, zabaldu duen gune nagusia. Hiru azpi-euskalki nagusi bereizi zituen Bonaparte Printzeak bizkaieran: ekialdeko bizkaiera (Markina, 32.070 hiztun 1973an), mendebaleko bizkaiera (Gernika, Bermeo, Plentzia, Arratia, Orozko, Arrigorriaga, Otxandio, 108.760 hiztun 1973an) eta Gipuzkoako bizkaiera (Bergara, Leintz, 59.650 hiztun 1973an). Egun Bizkaian dauden 201.709 euskaldunetatik % 70 inguruk egiten du bizkaieraz. v 1596. urtean agertu zen Bilbon bizkaierazko lehen liburua, Doctrina Christiana en romance y bascuence, euskaraz eta erdaraz idatzitako dotrina laburra, Iván Pérez de Retolaza apaiz arabarrak moldatua. Urte berean eman zen argitara Refranes y Sentencias, bizkaieraz emaniko errefrau eta esaera zaharren bilduma guztiz interesgarria. 1653. urtean Rafael Micoleta bilbotarrak Modo breve de aprender la lengua vizcayna bizkaierari buruzko lehen ikasbide laburra eman zuen argitara. Alabaina, bizkaierazko idatz jardun jarraitua XIX. hasiera arte baizik ez zen iritsi, Joan Antonio Mogel (Eibar, 1745 - Xemein, 1804), Pedro Antonio Añibarro (Areatza, 1748 - Zarautz, 1830), Pablo Pedro Astarloa (Durango, 1752 - Madril, 1806), Frai Bartolome Madariaga (Etxebarria, 1768 - Lazkao, 1836) eta Joan Mateo Zabala (Bilbo, 1777 - Zarautz, 1840) apaizen eskutik. XIX. mendearen bukaeran, Eusebio de Azkue (Lekeitio, 1813 - Lekeitio, 1873) eta Felipe Arrese Beitia (Otxandio, 1844 - Otxandio, 1909) olerkarien ondoren, euskararen aldeko borrokan berebiziko lana egin zuten bi gizon eman zituen Bizkaiak: Sabino Arana eta Resurrección María de Azkue. Bizkaierazko literaturak, bestalde, maila goreneko emaitzak eman zituen: Ebaristo Bustintza Kirikiño (Mañaria, 1866 - Mañaria, 1929), Domingo Agirre (Ondarroa, 1864 - Zumaia, 1920) eta, geroago, Esteban Urkiaga Lauaxeta (Laukiniz, 1905 - Gasteiz, 1937). Kepa Enbeita Urretxindorra (Muxika, 1878 - Muxika, 1942) izan zen, bestalde, Bizkaiko bertsolarien aitzindari eta aitagoia. Egun, euskara batuaren formak nagusitu direla eta, bizkaiera idatziaren erabilera arras murriztu da.